Kultur kudeaketa eta ondarea
Kultur kudeatzaile bat behar duzu. Besoz beso lan egiten dut zurekin. Zure beharra edo kezka kontatu, eta nik esanen dizut ekarpenik egin ote dezakedan zure proiektuaren ideian, egituran, garapenean eta bilakaeran.
Hasieratik beretik, aliantzen eta finantziazioen bilaketan, zabalkundean, estrategietan, kanpo kontratazioetan, deialdietan…
Nire ezagutza, ideiak eta kontaktuak eskaintzen dizkizut. Zenbaitetan, bide-tarte zehatz batean izanen nauzu lagun, eta bestetan, berriz, proiektuaren hasieratik bukaeraraino egonen naiz zurekin, haren arrakastarako behar dituzun zeregin guztiak barnebilduta.
Ondarearen kudeaketan, izugarri atsegin dut oroimena, oroitzapenak, bizimoldeak, argazkiak… gordetzea, hots, hurrengo belaunaldietarako ondare ederra den guztia. Lan horiek poliki-poliki prestatu behar dira, su motelean, eta emaitzak ederrak eta hunkigarriak dira zinez, bai liburu moldean bai dokumental forman.
Profesional talde batekin lan egiten dut lan espezializatu guztietan: diseinua eta maketazioa, grabazioa eta edizioa, inprenta… Dena zure lana ahalik eta gehien arintzeko, zereginak adituen eskuetan eskuordetuta. Finantzaketaren bilaketa, proiektuaren jasangarritasuna, zabalkundea eta komunikazioa, sare sozialak…; proiektua arrakastaz bukatzeko behar den guztian.
Tailerrak, esku-hartze artistikoak eta sormenezkoak
Zenbaitetan, kanpoko esku bat behar da ideia berriak eta indarra emateko, edota besterik gabe, lan zama arintzeko, helburuak eta egiteko moldeak partekatuta.
Ezagutzen ditut esku-hartze publikoko zein pribatuko alorrak, eta horiek behar bezalako jakintza eman didate zure aliatua izateko.
Lanak haurrekin, gazteekin, partaidetza-planak, partaidetzan oinarritutako horma-irudiak, jai jardunaldiak antolatzea, etab.